Nola egin ahozko aurkezpenik kaxkarrena, eta BIKAINA lortu

Ahozko aurkezpen txukun bat egiten lagunduko dizuen liburua argitaratu berri du Joxerra Garziak: Jendaurrean hizlari. Imajinatzen dut zuetako inork ez duela irakurriko; ―blog hau ere inork gutxik irakurtzen ez duen bezala―. Aholku gaiztoak emateko aprobetxa dezaket, beraz.
Ahozko aurkezpenetan Bikain ateratzea kontu erraza da, baina batzuetan ez du inolako meriturik… Gauzak oso txarto eginda, bikaina ateratzea badu meriturik, ordea. Hona hemen BIKAIN hori lortzeko aholkuak:
1. Gaia ez prestatu. Zertarako? Instituturako bidean bururatuko zaigu gairen bat. Edozein. Bost minutu berehala pasatzen dira eta edozein gairen gainean bete daitezke.
2. Bururatzen zaizkigun gaietatik zailena aukeratu. Guk geuk ere ulertzen ez dugun horri buruz hitz egiten badugu, hobe. Inork ez digu ulertuko eta jendeak oso azkarrak eta adituak garela pentsatuko du.
3. Ez egin eskemarik. Zertarako? Denbora galduko dugu eskema prestatzen eta gero, hitz egiterakoan, eskemari jarraitzen badiogu, gauza bat behin aipatzen badugu ezin izango dugu berriro aipatu eta lanak izango ditugu bost minutuak betetzeko. Gainera, eskemari jarraiki informazioa ordenatuegi geratzen da. Aspergarriegi.
4. Jendearen aurrean ez paperik ez ezer. Eskuak poltsikoan eta lurrari begira. Apal hitz egin behar du hizlari on batek. Ez ozenegi, edonork entzuteko moduan. Jendeak ez entzuteko eskubidea ere badu. Ozenegi hitz eginez gero, taldeko guztiek entzutera behartuko ditugu. Entzuleari ez zaio ezer inposatu behar. Gure alkandorak soil-soilik entzungo duen doinua, horixe egokiena. Baxu hitz egin eta gihar bakar bat ere mugitu barik!
5. Galdetu irakasleari behin eta berriro gazteleraz ere ezagutzen ez ditugun kontuak. Esaterako: nola esaten da implementación conceptual algorítmicade la fracasabilidad? Irakaslea aspertzen bada hiztegiarena egiten eta errieta egiten badizu, esan, (hau bai oso ozenki), zure amak ez dizula hiztegirik erosi nahi.
6. Zaindu zure itxura. Ahozko aurkezpena egiten egokitzen zaizun egunean eraman oso gutxitan erabiltzen dituzun arropak. Eskote eskuzabalak, minigonak, brageta irekiek entzulegoaren arreta lortuko dute edozein hitzaldik baino errazago. Zure itxurari erreparatzen badiote, (irakasleak ere tranpan erortzen dira), ahantzi egingo dute zure hitzaldiaren mamia.
7. Ez erabili arbela edo beste euskarri fisikorik. Hitzak haizeak daramatza, grafikoki zerbait erakusten baduzu, beharbada inoiz baino azalpen gehiago eskatuko dizkizute.
8. Eman datu estatistiko asko. Berdin dio unean bertan asmatzen badituzu ere, inork ez du ezer apuntatuko eta gezurretan zabiltzala ezin izango dute inoiz frogatu. (Politikariek eguneroko trukua duzu hau).
9. Bost minututan hitz egiteko esan badizute ere, nahikoa minutu eta erdi. Konturatu zara dagoeneko irakasleak ez duela inoiz kronometroa martxan jarri. Zure hitzaldia oso sakona eta mamitsua izan bada ere jendeari oso azkar pasatuko zaizkio bost minutuak, (Microsoften minutuak erabiltzen dira egun, badakizu, batek daki zenbat segundo irauten duten minutu bitxi horiek). Denbora ere erlatiboa dela aspaldian frogaturik geratu omen zen. Lasai beraz denborarekin.
10. Ez aipatu inoiz iturririk. Jakinduria handia erakutsi duzu. Ez alferrik galdu egindako erakustaldia esaten hau ez-dakit-nondik atera dut, hobe zuk zeuk asmatu duzula sinestarazten badiezu.
11. Ez begiratu inoiz zeure ikaskideei. Haiek ez dizute nota ipiniko. Begiratzekotan, begira irakasleari bakarrik, (baina serio demonio!).
12. Bukatu baino pixka bat lehenago gogoratu gaiaren izenburua zein den nolabait aipaitzen. Gaia zein den hasieratik oso garbi uztea, malo! Hobe duzu misterio hori bukaeraraino mantentzea.
13. Bukaeran hitzaldia bat-batean moztu. Abisatu gabe. Harrituta utziko dituzu eta galdetuko dizute ea bukatu duzun. Horixe izango da onartuko duzun galdera bakarra baina, ez erantzun! Zeuk ere galdetu, ahalik eta zakarren, Zuk zer uste duzu, bada, ergel hori!
14. Bukaeran ez egin inoiz esandakoaren laburpenik. Are gutxiago ondoriorik atera. Zalantza ereiten ari zara, ez ahaztu, zalantza da metodo zientifikoaren ardatza.
15. Hitz batzuk etengabe errepikatu esaldi guztietan. Nabarmen. Esate baterako, eta horregatik…, eta horregatik…, eta horregatik…, eta horregatik…, eta horregatik…, horrela entzuleek zure hitzaldiaren mamiari erreparatu beharrean, izango dute zeregin interesgarriagorik, zure leloa zenbat aldiz errepikatu duzun zenbatzen ibiliko dira.
16. Bukatu eta gero, norbaitek esandakoari buruz zerbait galdetzen ausartuko balitz, esaiozu zakar, galdetutakoa argi erantzun duzula hitzaldian zehar. Edo galdetu duenaren erantzuna begi bistakoa dela eta ergel batek bakarrik ez lukeela begi bistakoa dena ikusiko… Baina aurreko aholku horiei guztiei behar bezala jarraiki badiezu, inork gutxik egingo dizu inolako galderarik bukaeran. Nahikoa aspertuta egongo dira dagoeneko. Irakaslea bera ere galduta ibiliko da, jokoz kanpo, eta badaezpada bikain bat ipiniko dizu.



Zabaldu
del.icio.us
Ez dago erantzunik »
TrackBack URI
Erantzun bat idatzi