Finlandiako hezkuntza sistema

Azken bolada honetan Bizkaian ale asko saltzen duen egunkari batek erabaki du askotan aipatzea Finlandiako hezkuntza sistema. Izan ere, egin diren neurketen arabera herrialde horretan lortu dituzte munduko emaitzik onenak...
Ikertzaileak hara joan direnean, hasieran behintzat ez dute gauza deigarriegirik topatu. Baina lortzen diren emaitzak beste inon baino hobeak baldin badira, egongo da arrazoiren bat, ezta?
Ikasgelan irakasleak kontu hau atera duenean, ikasleok hipotesi batzuk egin dituzue. Hipotesi batzuk oso onak ziren beste batzuk ez. Aztertuko ditugu hemen:
A) Finlandiako ikasleak oso azkarrak dira.
Ez nator bat. Badirudi printzipioz munduko ikasle guztiek dohain antzekoak daukatela ikasteko. Dena den, ikasle guztiek ez dituzte aukera berberak... Izango dira errubioagoak behar bada, baina azkarragoak... Ez dut uste.
B) Gehiago ikasten dute. Denbora luzeago erabiltzen dute ikasteko bere eguraldia oso txarra delako.
Ez da teoria txarra. Baina ikertzaileek ikusi dute hori ere ez dela egia. Munduko zenbait errialdetan erabiltzen dira Finlandian beste ordu, edo gehiago. Emaitza hoberenak, ordea, finlandiarrenak.
Goian ipini dudan artikuluan, esaterako, ikusten da ingelesa ikasteko ordu gutxiago erabiltzen dela hemen baino eta lortzen duten etekina handiagoa da. Zergatik ote?
C) Ikastetxe pribatu oso onak eta garestiak dauzkate eta diru pilo bat erabiltzen dute ikasleak hezitzeko.
Diru pilo bat erabiltzen dutela ez da gezurra, baina ez ikastetxe pribatuetan, publikoetan baizik, ia-ia ikastetxe guztiak publikoak omen dira, (% 95 publikoak direla irakurri dut nonbait).
D) Irakasleak hemengoak baino hobeak dira.
Ez da teoria txarra. Egia esan, Finlandian irakasle izateko lehia handia dago. Gizartean itzal handia lortzen dute irakasle izateraino lortzen duten pertsonek. (Gehienak emakumezkoak izaten omen dira).
Irakasleen soldatak eta oporraldiak ez omen dira txantxetakoak Finlandian, maisu-maistrek gizartean lortzen duten sonaren neurrikoak omen.
E) Badaude arrazoi historikoak.
Jakina, edozein gizarte -egoera azaltzeko, arrazoi historikoak bilatu behar! Baina arrazoi historiko horiek zeintzuk ote diren galdetu dizuedanean ez duzue asmatu. (Ez dut hona ekarriko zuen irudimena norainokoa izan daitekeen erakusgarririk).
Ikertzaile batzuen ustez, finlandiarrak aspaldidanik dira beste herrialdeetakoekin konparaturik, kultuagoak. Aspaldian lortu zuten analfabetismo tasa jaistea, irakurtzeko zaletasuna unibertsala izatea, etab. Luteranismoa ba omen dauka kontu honetan eraginik. Kristautasunaren adar honek jendeari Biblia irakurtzera bultzatu egiten du. Beste kristau batzuk, ordea, Biblian zegoena apaizen bidez ezagutzen zuten.
F) Familietan dago gakoa.
Behar bada. Gurasoak oso kultuak eta irakurzale onak direlako ateratzen dira seme-alabak hain ikasle on...
G) Hizkuntzetan dago gakoa. Finlandiarrek bakarrik ikasten dute hizkuntza bakar bat eta horrela matematika, zientziak-eta gehiago eta hobeto ikas dezakete.
Ez. Finlandian, munduko leku gehienetan bezala bi hizkuntza baino gehiago ikasten dute batera. Suomiera, suediera eta ingelesa ikastea ia ezinbestekoa da Finlandian. Beste hizkuntzaren bat ere ikastea ez da arraroa. Horretan Euskal Herrian daukagun antzeko egoera daukate Finlandian. Suediera, suomiera eta ingelesa ikasten badituzte, oso bestelakoak diren hiru hizkuntza ikasi behar.
ZEIN DA ZURE IRITZIA? Zergatik izango dira Finlandiarrak ikaslerik onenak eta ez gu, bilbotarrok? Zenbat denbora beharko dugu kontutxo hori konpontzeko?


Zabaldu
del.icio.us
Ez dago erantzunik »
TrackBack URI
Erantzun bat idatzi