Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala

Amnesty International bezalako erakundeek Aldarrikapen hau munduan ezagunago izan dadila bultzatzen dute.
1948ko abenduaren 10ekoa. (Bertsioa: Ararteko, 1998.)
Hitzaurrea
Kontuan izanik giza familiako kide guztiek berezko duintasuna eta eskubide berdin eta utziezinak dituztela onartzea
dela munduko askatasunaren, justiziaren eta bakearen oinarria;
Kontuan izanik giza eskubideak ez ezagutzearen eta gutxiestearen ondorioz, gizakien kontzientziari iraingarri zaizkion
basakeriak gertatu izan direla; eta beldurretik eta miseriatik aske, gizon-emakumeei hitz egiteko askatasuna eta
sineste-askatasuna ekarriko dizkien munduaren etorrera aldarrikatu dela gizakiaren helburu nagusi;
Kontuan izanik ezinbestekoa dela giza eskubideak zuzenbidezko erregimen batek babestea, gizakiak agintekeriaren
eta zapalketaren kontrako matxinadara -hori baita azken irtenbidea- jo bear izan ez dezan;
Kontuan izanik nazioen arteko harreman lagunkoiak bultzatzea ere ezinbestekoa dela;
Kontuan izanik Nazio Batuetako kide diren herriek Kartan berretsi dutela gizakiaren oinarrizko eskubideetan, pertsonaren
duintasunean eta balioan eta gizon-emakumeen eskubide-berdintasunean duten fedea; eta askatasunaren ikuspegi
zabalago batetik, gizarte-aurrerakuntza sustatzeko eta bizi-mila hobetzeko erabakia adierazi dutela;
Kontuan izanik estatu kideek, Nazio Batuen Erakundearekin elkarlanean, gizakiaren oinarrizko eskubide-askatasunak
oro har eta modu eraginkorrean errespetatuko direla ziurtatzeko hitza eman dutela; eta
Kontuan izanik emandako hitza osorik beteko bada, oso garrantzitsua dela denek eskubide eta askatasun horiek
berdin ulertzea;
Batzar Nagusiak
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsal hau egiten du
herri eta nazio guztiek lortzen ahalegindu behar duten helburu gisa, pertsonek nahiz erakundeek, beti aldarrikapen
honetan oinarrituz, eskubide eta askatasun hauei zor zaien errespetua bultza dezaten irakaskuntzaren eta heziketaren
bidez, eta nazio nahiz nazioarte mailan pixkanaka neurriak hartuz, oro har eta modu eraginkorrean aitortu eta betearaziko
direla ziurta dezaten, bai Nazio Batuetako kide diren estatuetako herrietan, bai horien jurisdikziopean dauden
lurraldeetakoetan.
1. Artikulua
Gizon-emakume guztiak libre jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberekin, eta, arrazoimenez eta kontzientziaz
jantzirik daudenez gero, elkarrekin senide moduan jokatu behar dute.
2. Artikulua
1. Pertsona orok ditu Aldarrikapen honetan asdierazitako eskubide eta askatasun guztiak, eta ez da inolako
bereizketarik egingo arraza, larru-kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, politikako edo bestelako iritzi, jaioterri edo gizartejatorri,
ekonomi maila, jaiotze edo beste ezein gorabeheragatik.
2. Gainera, ez da inolako bereizketarik egingo pertsona jurisdikziopean daukan herri edo lurraldearen egoera
politiko, juridiko edo nazioartekoagatik, eta berdin dio herri burujabea den edo besteren zainpeko lurraldea,
autonomiarik gabea edo burujabetza mugatukoa.
3. Artikulua
Pertsona orok du bizitzeko, libre izateko eta segurtasunerako eskubidea .
4. Artikulua
Inork ez du besteren esklabo edo jopu izan behar; debekatuta dago esklabotasuna eta esklabo salerosketa oro.
5. Artikulua
Ezin da inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta lotsarazlerik eman ere.
6. Artikulua
Gizon-emakume guztiek dute, nonahi, nortasun juridikoduntzat hartuak izateko eskubidea.
7. Artikulua
Denak berdinak dira legearen aurrean, eta denek dute, bereizketarik gabe, legezko babes bera izateko eskubidea.
Guztiek dute Aldarrikapen hau urratzen duen bereizkeria eta bereizkeria-eragile ororen kontra babes berbera
izateko eskubidea.
8. Artikulua
Pertsona orok du bere herriko auzitegi eskudunei errekurtso eraginkorra aurkezteko eskubidea, Konstituzioak
edo legeek aitortzen dizkioten oinarrizko eskubideak urratzen dituzten ekintzetatik babesteko.
9. Artikulua
Inor ezingo dute arrazoirik gabe atxilotu, preso hartu edo erbesteratu.
10. Artikulua
Pertsona orok eskubidea du, berdintasun osoan, auzitegi burujabe eta alderdikeriarik gabeak zuzentasunez eta
jendaurrean entzun diezaion, bere eskubideak eta betebeharrak erabakitzeko edo bere kontrako salaketa penalak
aztertzeko.
11. Artikulua
1. Delituz salatutako pertsona orok eskubidea du errugabetzat jo dezaten, harik eta, legeari jarraiki, eta bere
burua defendatzeko berme guztiak ziurtatuko dizkion epaiketa batean, errudun dela frogatzen ez den arte.
2. Inor ez dute zigortuko egite edo ez-egiteengatik, baldin eta horiek burutu ziren unean, nazioko edo nazioarteko
legeriaren arabera, delitu ez baziren. Orobat, inori ez zaio ezarriko delitua egindako garaian ezar zekiokeena
baino zigor astunagorik.
12. Artikulua
Ezin da arrazoirik gabe beste inoren bizitza pribatuan, familian, etxean edo postan eskua sartu, ezta inoren ospe
edo izen onaren kontra aritu ere. Nornahik du eskusartze edo eraso horien kontra legezko babesa izateko
eskubidea.
13 Artikulua
1. Pertsona orok du batetik bestera libre ibiltzeko eskubidea, eta Estatu baten lurraldean bere bizilekua
aukeratzekoa.
2. Pertsona orok du edozein herritatik, bai beretik ere, alde egiteko eskubidea, eta bere herrira itzultzekoa ere bai.
14. Artikulua
1. Jazarpenik jasanez gero, pertsona orok du babesa bilatzeko eta hartaz gozatzeko eskubidea, edozein herritan
dagoela ere.
2. Ezingo da eskubide hori argudiotzat erabili delitu arruntek edo Nazio Batuen helburu eta irizpideen kontrako
egintzek egiaz eragindako akzio judizial baten aurka.
15. Artikulua
1. Pertsona orok du herritartasuna izateko eskubidea.
2. Inori ezingo zaio arrazoirik gabe herritartasuna kendu, ez herritartasuna aldatzeko eskubidea ukatu.
16. Artikulua
1. Gizonek eta emakumeek, gaztarotik aurrera, ezkontzeko eta familia osatzeko eskubidea dute, arraza, herritartasun
edo erlijioagatik inolako murrizketarik gabe; eta ezkontzari dagokionez, eskubide berberak izango dituzte, hala
ezkontzak dirauren bitartean, nola ezkontza desegitean.
2. Ezkongaien baimen libre eta osoz ez bada, ez dago ezkontzerik.
3. Familia gizartearen berezko eta funtsezko osagaia da, eta gizartearen eta estatuaren babesa izateko eskubidea du.
17. Artikulua
1. Pertsona orok du jabe izateko eskubidea, bakarka nahiz taldean.
2. Inori ez zaio arrazoirik gabe bere jabetza kenduko.
18. Artikulua
Pertsona orok du pentsamendu-, kontzientzia- eta erlijio-askatasunerako eskubidea. Eskubide horrek bere baitan
biltzen du erlijioz edo sinestez aldatzeko askatasuna, baita ere bakarka zein taldean, jendaurrean nahiz pribatuan,
nork bere erlijioa edo sinestea azaltzeko askatasuna, irakatsiz, praktikatuz, gurtuz edo arauak betez.
19. Artikulua
Gizaki orok du iritzi- eta adierazpen-askatasunerako eskubidea. Horrek bere barnean biltzen du norberaren
iritziengatik inork ez gogaitzeko eskubidea, informazioa eta iritziak ikertu eta jasotzekoa, eta horiek mugarik gabe
eta edozein adierazpidez zabaltzekoa.
20. Artikulua
1. Pertsona orok du bakean biltzeko eta elkartzeko eskubidea.
2. Inor ezingo dute behartu elkarte bateko kide izatera.
21. Artikulua
1. Pertsona orok du bere herriko gobernuan parte hartzeko eskubidea, zuzenean edo askatasun osoz aukeratutako
ordezkarien bidez.
2. Pertsona orok du berdintasunez bere herriko funtzio publikoan sartzeko eskubidea.
3. Herriaren borondatea da agintaritza publikoaren agintearen oinarri; borondate hori aldizka egingo diren benetako
hauteskundeetan adieraziko da. Hauteskundeotako bozketak orokorrak eta berdintasunezkoak izango dira, eta
isileko botoz edo boto askatasuna bermatzen duen beste bide batez egingo dira.
22. Artikulua
Pertsona orok du, gizarteko kide denez gero, gizarte-segurantza izateko eskubidea; baita ere duintasunez bizitzeko
eta nortasuna libre garatzeko ezinbestekoak diren eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak lortzekoa, bere
herriaren ahaleginaz eta nazioarteko laguntzaz, betiere kontuan harturik estatu bakoitzaren antolaketa eta
baliabideak.
23. Artikulua
1. Pertsona orok du lan egiteko eskubidea, lana aukeratzekoa, lan-baldintza onak eta bidezkoak izatekoa, eta
lanik ezaren kontrako laguntza izatekoa.
2. Pertsona orok du, inolako bereizkeriarik gabe, lan berdinagatik soldata berdina jasotzeko eskubidea.
3. Lanean diharduen pertsona orok du lansari ona eta bidezkoa jasotzeko eskubidea, bera eta bere familia giza
duintasunari dagokion moduan bizi daitezen. Lansaria horretarako nahikoa ez bada, beste edonolako gizartelaguntzez
osatuko da.
4. Pertsona orok du sindikatuak sortzeko eta sindikatuko kide izarteko eskubidea, bere interesen alde egitearren.
24. Artikulua
Pertsona orok du atseden hartzeko eskubidea, aisialdiaz gozatzekoa, lanaldi mugatua izatekoa, eta, aldizka,
ordaindutako oporrak izatekoa.
25. Artikulua
1. Pertsona orok du bizimodu aproposa izateko eskubidea, bai berak eta bai bere familiak ziurtatuak izan
ditzaten osasuna eta ongi-izatea eta, batez ere, janaria, jantziak, bizitokia, mediku-laguntza ete beharrezko gizartezerbitzuak.
Orobat, aseguruak izateko eskubidea du lanik ez, gaixotasun, elbarritasun, alarguntasun, zahartzaro,
edo bere nahiaz bestelako gorabehera batengatik, bizimodua ateratzerik ez badauka.
2. Amek eta haurrek babes eta laguntza bereziak jasotzeko eskubidea dute. Haur guztiek, senar-emazteengandik
nahiz ezkontzatik kanpo jaioek, gizartearen babes berbera izateko eskubidea dute.
26. Artikulua
1. Pertsona orok du hezkuntzarako eskubidea. Hezkuntzak doakoa behar du izan, oinarrizko ikasketak bai behintzat.
Oinarrizko ikasketak nahitaezkoak izango dira; heziketa teknikoa eta lanbiderakoa, berriz, orokorra; eta denek
izango dute goi mailako ikasketak egiteko aukera bera, norberaren merezimenduen arabera.
2. Hezkuntzaren helburua pertsonaren nortasuna erabat garatzea izango da, eta giza eskubideei nahiz funtsezko
askatasunei zor zaien errespetua sendotzea; hezkuntzak nazio, arraza eta erlijio guztien arteko ulermena, tolerantzia
eta adiskidetasuna erraztuko ditu; eta Nazio Batuen ekintzen garapena bultzatuko du, bakeak iraun dezan.
3. Gurasoek lehentasunezko eskubidea izango dute seme-alabei emango zaien hezkuntza mota aukeratzeko.
27. Artikulua
1. Pertsona orok du eskubidea komunitatearen kultur ekitaldietan libre parte hartzeko, arteez gozatzeko, eta
zientzi aurrerakuntzan eta honen ondoriozko ondasunetan parte hartzeko.
2. Pertsona orok du eskubidea, zientzi, literatur edo arte produkzioen egile izateagatik, dagozkion interes moral
eta materialak babes dakizkion.
28. Artikulua
Pertsona orok du eskubidea gizarteko eta nazioarteko antolabidea ezar dadin, Aldarrikapen honetan adierazitako
eskubide eta askatasunak guztiz gauzatzeko.
29. Artikulua
1. Pertsona orok ditu komunitatearekiko betebeharrak, komunitatea baita bere nortasuna libre eta erabat garatzeko
toki bakarra.
2. Pertsona orok, bere eskubideak erabiltzean eta horiek askatasunez gozatzean, legeak ezarritako mugak baino
ez ditu izango, bai gainontzeko herritarren eskubide-askatasunak errespetatuko direla ziurtatzeko, bai gizarte
demokratiko batean, moralaren, ordena publikoaren eta guztien ongizatearen bidezko eskakizunak betetzeko.
3. Eskubide eta askatasun hauek ezingo dira, inolaz ere, Nazio Batuen helburu eta irizpideen kontra erabili.
30. Artikulua
Aldarrikapen honetako ezerk ez du ulertaraziko Estatuari, talde bati edo pertsona bati eskubidea ematen zaionik
Aldarrikapen honetan bertan adierazitako eskubide-askatasunak kentzeko jarduerak edo ekintzak hasi eta
burutzeko.



Zabaldu
del.icio.us
Ez dago erantzunik »
TrackBack URI
Erantzun bat idatzi